INTERACT Europako proiektuaren jarraipenerako batzarra

03/10/2014
INTERACT proiektuaren ordezkariak CIDETECen bildu ziren batzar teknikoa egiteko, proiektua hasi zenetik urtebete igarota.

CIDETEC izan zen irailaren 11 eta 12an INTERACT Europako proiektuaren batzar teknikoaren egoitza, urtebeteko ibilbidearen ondoren. Bertan izan ziren partzuergoko ordezkari guztiak: Norvegiako SINTEF teknologia-zentroa; Poloniako Zientzien Akademiako Ingeniaritza Kimikoko Institutua (ICEPAS); Dortmund-eko, Danimarkako eta Lovainako Unibertsitate Teknikoak (TUDO, DTU eta KU LUEVEN, hurrenez hurren); SUPREN Alemaniako ingeniaritza-enpresa eta Espainiako PRODINTEC; Frantziako SOLVIONIC ETEa eta AEBetako NOVOZYMES multinazionala.

 

Erreketaren osteko prozesuetan CO2a arrapatzeko material eta prozesu berriak garatzea da INTERACT proiektuaren xedea, eta horrek elkarlan jarraitua eta dinamikoa eskatzen du bazkide guztien aldetik. Proiektuaren lehen urtean zehar, alde batetik, likido ioniko polimerikoen garapenean lan egin da, gas banaketarako mintzetan aplikatzeko; bestalde, absortzio prozesuetan entzimen eragiketa baldintzak definitzen lan egin da. Lehen egunean, ildo horietako bakoitzaren aurrerapenak lantaldeetan aztertu ziren, eta horrek ahalbidetu zuen lana antolatzea eta hurrengo hilabeteetarako lankidetzak zehaztea. Bigarren egunean, bazkide bakoitzak egindako aurrerapenak aurkeztu zituen, eta barreiadura eta ustiapenerako auziei begirako hurrengo ekintzak zehaztu ziren, baita kudeaketa finantzario eta administratiboari zegozkionak ere. Era berean, datozen hilabeteetan garapenen erabiltzaile potentzialek osaturiko Aholkularitza Batzorde Industriala eratuko da, euren ikuspegia eman dezaten. Hurrengo bilera SINTEFen egingo da, Norvegian, urtearen hasieran. 

Zabaldu: