“He-Man eta Unibertsoko Masterrak”, ChemElectroChem aldizkariko azalean

30/03/2015
ChemElectroChem aldizkariak CIDETECeko ikertzaileek egindako lan bat aukeratu du bere lehen orrirako, kalitate zientifikoagatik eta kimika bistararazteko modu originalagatik

ChemElectroChem aldizkariak Polyvinyl Alcohol–Borax Slime as Promising Polyelectrolyte for High-Performance, Easy-to-Make Electrochromic Devices izenburuko artikulua aukeratu du azken edizioko lehen orrialdean agertzeko. Artikulua aukeratzeko motiboa bikoitza izan da: ikerketaren garrantzia, gailu elektrokromikoak (ECD) diseinatzeko garai bateko material bat aprobetxatzen duelako, eta egileen irudimena, animazio batean oinarritutako portada egiteko, biak ala biak lotura komun batekin: Mattel Toy Corp.

 

Azterketa zientifikoak ECDetan erabiltzen den polielektrolito berri bat garatzeko 70eko urteetan Mattel Toy Corp.ek aurkitutako material bat erabiltzen du. Material hori, zehazki, blandiblua da, itxura eta ukitu likatsuko jostailu ospetsua, ume askoren haurtzaroa markatu duena. Polialkohol biniliko eta borax nahasketa bat da, izaera alderantzikagarria duen gel biskoelastiko bat sortzen duena, materialean dauden loturei esker. Biologeno batekin eta erredox pare batekin konbinatuta, ikertzaileek polielektrolito bat lortu dute, elektrolito likidoek eta solidoek izan ohi dituzten mugak gainditzen dituena. Gelak bien onurak uztartzen ditu, hau da, gailuan sartzen laguntzen du eta burbuilak ateratzea galarazten. Horrenbestez, ECD gardenak erraz fabrikatu daitezke, horrelako aplikazioetarako propietate bikainak dituztenak, hala nola erantzun denbora, bustigarritasuna eta ziklagarritasuna.

 

Zientziak eta irudimenak modu sortzailean bat egiten dute aldizkariaren azalean, komiki bateko biñeta moduan. Sortzaileen inspirazioaren iturria da 80ko urteen hasieran “He-Man eta Unibertsoko Masterrak” marrazki bizidunen serie ospetsuan ere blandiblua arma bezala erabiltzen zela ohartu zirela. Biñetan, He-Manek, unibertsoko gizonik boteretsuenak, Violomanena egiten du (sistema elektrokromikoaren biologenoa). Skelectrodo doilorrak (Skeletor, serie ezagunean) Violomani erasotzen dio, deskarga elektriko hilgarrien (elektroiak) eta kimikoki eraldatutako blandibluaren bidez (polielektrolitoa). Aitzitik, Violoman heroia, bere izaeragatik, jasotzen dituen deskarga elektrikoak neutralizatzeko gai da (erredox erreakzioa, biologenoan), Skelectrodo maltzurrarengandik babesten duen ezkutu purpura bat sortuz.

 

Originaltasunez jantzitako orrialdeak agerian jartzen du, zientziak gauza serioa izan behar badu ere, ez duela zertan aspergarria izan. Halere, anekdotatik haratago, nabarmendu behar da garatutako poliektrolitoaren propietateen ondorioz materiala hautagai sendoa dela ECDak garatzeko eta etxe zein ibilgailuetako leiho adimendunetan industrialki aplikatzeko, baita ere beste osagai elektronikoetan ere, esaterako, pantailetan edo displayetan.

Zabaldu: