Bakterio erresistenteek eragindako pneumonien aurkako tratamendu berria

27/01/2014
Antibiotikoekiko erresistenteak diren infekzio bakterianoen aurka egiteko Europako partzuergoaren buru da CIDETEC.

Ø Proiektuak 6 milioi euroko aurrekontua du, eta enpresa handiak, ikerketa zentroak eta Europako hainbat unibertsitate dira tartean.

 

Ø Tratamenduak diagnostikorako kita izango du, infekzioa eragin duen bakterio mota azkar eta zehazki identifikatzea ahalbidetuko duena,hala nola botika modu eraginkorrean dosifikatzeko aukera emango duen inhalagailua.

 

Bakterio erresistenteek sorturiko infekzioen eraginak alarma eragin du mundu osoan. Egindako kalkuluen arabera, urtero Europan 400.000 gaixok pairatzen dituzte erresistente gisa identifikatutako infekzioak, eta horietatik 25.000 hil egiten dira. Gaixotasun horiek, tratamenduen gainkostuak eta lan produktibitatearen galera eragiten dute, urtean 1,5 bilioi euro inguruan baloratuak. Arazoa are handiagoa da garatzen ari diren printzipio aktiboen kopuru eskasa kontuan hartzen badugu. 2009an Europan eginiko ikerketa batean, fase klinikoetan zeuden jomuga berri edo mekanismo eragile berritzaileetan oinarritutako aplikazio sistemikoko 15 agente antibakteriano baino ez ziren erregistratu.

 

Horregatik guztiagatik, Europako Batasunak ekintza plana sustatu zuen 2013an gai horretan oinarritutako ikerketa proiektuak finantzatzeko, arazoa hainbat ikuspegitatik jorratzeko (tratamendu berriak, prebentzioa, baliabideen optimizazioa...). PneumoNP, CIDETEC buru duen finantzatutako proiektu horietako bat, eta bakterio gram-negatibo erresistenteek eragindako pneumoniei aurre egiteko tratamendua sortzea du helburu. Tratamenduak diagnostikorako kita izango du, infekzioa eragin duen mikro-organismo zehatza zein izan den jakitea azkar ahalbidetuko duena, baita nanopartikulen erabilerari esker farmakoa modu eraginkorrean dosifikatzeko gaitasuna duen inhalagailu berri bat ere.

 

Bakterioak erresistente bilakatzeko arrazoietako bat antibiotikoen erabilera txarra da, baita horien gehiegizko erabilera ere. Bakterio erresistenteek ohiko antibiotikoekiko immunitatea garatzen dute, eta, horregatik, antibiotiko tradizionalen bestelako bideak erabiltzen dituzten jarduera antimikrobianoko farmakoen garapenak sendagai izar berria bihurtzeko aukera handiak dauzka.

 

PneumoNPk bi printzipio aktibo berriren garapenari ekin dio, baina, horrekin batera,  farmakoak nanopartikulen bidez zuzenean biriketara bideratzea planteatzen du, inhalagailuei esker, horrela albo-ondorioak saihesteko. Espektro zabaleko antibiotikoak beharrik gabe erabiltzea ekiditeko, PneumoNPk infekzioa sortu duen andui zehatza identifikatuko duen eta tratamendurik eraginkorrena modu erraz eta fidagarrian aukeratzea ahalbidetuko duen diagnostiko kita garatuko du aldi berean.

 

Garatutako nanosistemen eraginkortasuna eta segurtasuna frogatzeko eta, hala, botika bihurtzera irits daitezen, PneumoNP partzuergoak Europa mailako izen handiko bazkideak ditu, fase klinikora (saiakuntzak gizakiengan) iritsi arte beharrezkoak diren in vitro eta in vivo saiakuntza guztiak egingo dituztenak. Alemaniako Fraunhofer Institutua eta Herbehereetako Erasmus Zentro Medikoa ez ezik, CIC BiomaGUNE ikerketa zentroa ere buru-belarri arituko da erradiologia ikerketekin lotutako arlo ororekin lanean, nanosistema horien biobanaketa bertatik bertara behatzeko. Era berean, CIDETECek nanosistemen fabrikazioa egiteko instalazio egokiak ditu, botika baterako eskatzen diren kalitate ziurtagiri guztien arabera. 

 

Nabarmentzekoa da PneumoNP partzuergoak “Open Innovation (OI)” izeneko eredu estrategiko berrian sartzeko asmoa duela. Eredu hori patenteen iraungipenagatik eta horrek ekarritako botika generikoen fabrikatzaileen arteko lehiagatik industria farmazeutikoan gertatzen ari diren aldaketa handien ondorio da. Lehen, farmakoaren ikerketa eta garapen guztia enpresan bertan egiten zen, eta orain, aldiz, hirugarren batek garatutako produktuei ematen zaizkie baimenak, etorkizunean merkaturatzeko fase klinikoa osatzea behar dutenak.

 

PneumoNPk 2014ko urtarrilean ekin dio bere ibilbideari eta sustapen bilera urtarrilaren 28 eta 29an egingo da CIDETECen egoitzan, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean. 4 urterako aurrekontu osoa sei milioi euro ingurukoa da eta erronka garrantzitsua da CIDETEC nanomedikuntzaren ikerketa arlo sortu berrian finka dadin.

 

Zabaldu: