Hitz egin dezagun antibiotikoen erabilera egokiaz!

19/11/2015
CIDETECek eta Biodonostiak ekitaldi bat antolatu zuten antibiotikoen erabilera desegokiaren eta gehiegizkoaren ondorioez mintzatzeko

Antibiotikoen erabilera zuhurrerako Europako egunaren ospakizunaren harira, CIDETEC Zentro Teknologikoak eta Biodonostia Ikerketa Sanitariorako Institutuak “Hitz egin dezagun antibiotikoen erabilera egokiaz!” ekitaldia antolatu zuten joan den azaroaren 18an. Hala, helburua zen herritarrak antibiotikoen erabilera desegokiaren eta gehiegizkoaren ondorioen gainean sentsibilizatzea eta nanoteknologiari esker arlo horretan izandako aurrerapen zientifikoak ezagutzera ematea.

 

Zer da antibiotikoekiko erresistentzia? Nola erabiltzen dira antibiotikoak arduraz? Zein saiakera egiten ari dira ikerketaren alorrean bestelako antibiotikoak edo horiek ez beste aukera batzuk garatzeko? Eta... zer ikusia dauka nanoteknologiak horrekin guztiarekin? Galdera horiei modu ulergarrian erantzuten saiatu ziren Donostiako Keler Gunean, bi hitzaldi zientifiko eskainita eta, giro lasai eta gertukoan, publikoarekin elkarreraginaren jardunda.

 

CIDETEC Zentro Teknologikoak eta Biodonostia Ikerketa Sanitariorako Institutuak antolaturiko ekitaldiak Antibiotikoen erabilera zuhurrerako Europako egunarekin bat egin zuen; egun berezi hori osasun publikoaren gaineko urteroko ekimen europarra da. Helburua da herritarrak sentsibilizatzea antibiotikoekiko bakterioen erresistentziak osasun publikoari dakarkion arriskuaren gainean eta antibiotikoen erabilera arduratsua sustatzea. Izan ere, herritarren kontzientziazioak funtsezko abantaila ekar dezake horretan.

 

Ekitaldian, lehenik eta behin, Maialen Ibarguren sendagileak hartu zuen hitza, Donostaldea ESIko espezialista eta IIS Biodonostiako ikertzailea bera. Ibarguren doktorea antibiotikoekiko erresistentziaz mintzatu zen; azaldu zuen bakterio batzuk berez direla erresistenteak antibiotiko jakin batzuei dagokienez, baina kasu askotan eskuraturiko erresistentzia izaten dela. Bakterio erresistenteek antibiotikoa egon arren bizirauten dute, eta ugaltzen jarraitzen dute, sendatzea eragotzita. Bakterio erresistenteen agerpenean gehien eragiten duten faktoreetako bat da antibiotiko “indartsuegiak” erabiltzea (hau da, bakterio-mota zehatz bat tratatzeko baina baita beste askori aurre egiteko ere balio duten antibiotikoak) antibiotiko “xumeagoekin” ezabatuko liratekeen bakterioek eragindako infekzioak tratatzeko; hots, sarri “euliak kanoikadaka akabatzen ditugu”. Antibiotikoak zuhurtziaz baliatu behar dira; horrek esan nahi du infekzio bakterianoa egonez gero baino ez direla hartu behar, eta antibiotiko egokia, hala nola dagokion dosia eta tratamendua alferrik luzatu gabe. Nazio-mailako eta nazioarteko hainbat ikerketaren arabera, % 30-50 artean dago hobe daitekeen antibiotiko-errezeten proportzioa; EAEri dagozkion datuak antzekoak dira.

 

Bestetik, Marco Marradi ikertzaileak 'PneumoNP' (https://www.labsexplorer.com/site/pneumonp_3) proiektu europarra aurkeztu zuen. Proiektuaren buru CIDETEC da eta asmoa da arazo horri konponbidea ematea, horretarako bestelako sistema diagnostikoak eta botikak garatuta eta, aldi berean, nanoteknologia bezalako tresnak baliatuta, eraginkortasuna hobetzeko eta botiken albo-ondorioak murrizteko. Ikertzaileak azaldu bezala, nanoteknologiaren aplikazioaren adibide bat Nanodiagnostikoa da. Xedea da nanoteknologian oinarrituriko azterketa- eta irudi-sistemak garatzea, gaixotasunak ahalik eta fase goiztiarrenetan antzeman ahal izateko, in vivo (gorputzean sartu eta patogeno bat edo minbiziak jotako zelulak antzeman ditzaketen nanopartikulak) zein in vitro (nanogailuetan oinarrituriko biosentsoreak). Nanoterapian, helburua da nanosistemak selektiboki bideratzea kalteturiko zelula edo ehunetara, botikak garraiatzeko eta askatzeko eta tratamendu eraginkorragoa lortzeko, albo-ondorioak minimizatuta. Era berean, nanopartikulen erabilerak botiken eraginkortasuna areago dezake, uretan disolbatzeko gaitasuna eta gorputzean duten egonkortasuna hobetuta, haien narritadura fisiko zein kimikotik babestuta; halaber, gorputzean iraun dezaketen denbora ere luza dezake, hustuketa azkarra ekidinda, hala nola kalteturiko eremuetan errazago sar daitezen eragin.

 

Ondorioz, antibiotikoak zuhurtziaz erabiltzea guztion betebeharra da: bakterio erresistenteen garapena eteten eta datorren belaunaldiei begira antibiotikoen eraginkortasunari eusten lagun dezake. Tratamendu-forma berriak ikertzeko nanoteknologia baliatzea ikertzaileek bere egin beharreko erronka da; izan ere, egun nanomedikuntza da ikerketa medikoaren baitan gora egiten ari diren esparru garrantzitsuenetako bat.

Zabaldu: