CIDETEC-ek martxan jarri ditu konposite polimeriko aurreratuak fabrikatzeko bere instalazio berriak

05/05/2014
CIDETEC-ek beste pauso bat eman du Material Aurreratuen esparruko erreferentziazko zentro gisa, izan ere, berriki polimeroen sintesirako eta konposite polimerikoen prozesatzerako bere instalazio berriak inauguratu baititu.

Bere bezero industrialak asetzeko helburuarekin, instalazio berriek konponbide berritzaileak sortu nahi dituzte material konposatu polimerikoen esparruan, orain arte laborategi mailan egindako sintesiak eta polimeroak prototipo erdi industrialetan ezarriz. Hala, konposite eta nanokonpositeen belaunaldi berrien ikerketa eta garapena ahalbidetuko dira, hobekuntzak ekarriko dituztenak arlo ezberdinetan: saretze azkarreko sistemak, birziklatzeko, konpontzeko edo berriz prozesatzeko gaitasunean, erresistentzia mekanikoan, eroankortasun termiko eta elektrikoan eta azaleko funtzionalitatean (anti-arrastoak, dekorazioa, anti-itsasgarritasuna, anti-izotza, anti-fouling, etab.).


Honekin lortu nahi den lehiakortasun-abantaila da produktuaren balio-kate osoa estaltzea da: polimeroaren sintesitik hasi eta azken osagaiaren edota lehenengo sailen fabrikazio eta karakterizazioraino iritsi. Horrek, zalantzarik gabe, lagundu egingo du CIDETEC-en presentzia exijentzia maila handiko sektoreetan finkatzen, garraioetan (automobilgintza, aeronautika eta trenbideak), energia eolikoan edo eraikuntzan, kasu, I+D-ko proiektu eta garapen berrien bidez.


Instalazio berriek polimeroak sintetizatzeko eta ondoren probetak eta material konposatuko prototipoak fabrikatzeko beharrezko ekipamendua dute, pilotu-lantegi eskalako prozesu industrialak erabiliz. Polimeroen sintesiaren gunerako, gaitasun handiko eta moldakortasun goreneko erreaktore bat erosi da erreakzio-parametroak kontrolatu ahal izateko, polimero ugariren sintesi eta funtzionaltasuna gauzatzea ahalbidetuko duena, hala nola sistema polimerikoetan karga eta gehigarri mota desberdinak eranstea/barreiatzea.


Prozesatze-guneari begira, Erretxina Transferentziazko Moldaketarako (RTM - Resin Transfer Moulding) ekipo batean egindako inbertsioa nabarmen daiteke; besteak beste epoxi eta poliuretano (osagai bikoak edo osagai bakarrekoak) erretxinetarako balio duen erretxina injekzioko ekipo bat eta plater beroen prentsa bat ditu. Eskuraturiko materialen mekanizatua fresagailu bertikal berri baten bidez egiten da. Beste inbertsio nabarmena barne-nahasgailu bat izan da, polimero termoplastikoetan gehigarri edota nanokarga mota desberdinak sartzeko, kautxuak formulatzeko eta sistema dinamikoak garatzeko, ondoren CIDETEC-en instalazioetan jada eskura dauden termoplastikoen injekzioko ekipoekin moldatu ahal izateko.


Eskuraturiko materialen karakterizazioari dagokionez, erosketa esanguratsuenetariko bat saiakuntza estatikoak egiteko ekipoa izan da, plastiko indartuen eta material konposatuen trakzio, flexio eta konpresio proba normalizatuak burutzeko. Ekipoak piezen edo azpiosagaien saiakuntzak egiteko aukera ematen du karga-zelula egokia akoplatuz, eta -150 eta 300ºC artean probak egitea ahalbidetzen duen ganbera klimatiko bat dauka. Saiakuntza estatikoak egiteko makinaz gain, materialen talka probak egiteko tresna erosi da.


1.500.000 €-tik gorako hasierako inbertsioarekin, zentro gipuzkoarra gai izango da industriari eskaintza integrala egiteko, bai material konposatuen arloan kontzeptu berriak garatuz, bai ondokoen bitartez: plastikoen karakterizazio mekanikoko saiakuntzak, material konposatu monolitikoak edo sandwich egiturak (trakzioa, konpresioa, flexioa, orri arteko zizaila, hausturarako zailtasuna, etab.), substratu metalikoen gaineko batasun itsasgarrien karakterizazio mekanikoko saiakuntzak, material konposatua edo hibridoak (teilakatze bakuna, teilakatze bikoitza), plastikoen eta material konposatuen eraginen gaineko Charpy/Izod probak, etab. Saiakuntza desberdinen aukera hori karakterizazio morfologikoko saiakuntzekin (FE-SEM), fisiko-kimikoekin (FTIR, Eroankortasun termikoa) eta dinamiko-mekanikoekin (DMA) osatuko da.


Jarduera horiek garatzeko, CIDETEC-ek 19 ikertzailez osaturiko giza taldea dauka, horietako 12 doktoreak izanik,  eskarmentu handiarekin oso esparru desberdinetan, esaterako, polimero eta konpositeen sintesi eta prozesatuan, itsasgarrietan, nanomaterialetan, kimika organikoan edo materialen ingenieritzan.


CIDETEC-en gaitasun berriak duela gutxi aurkeztu ziren material konposatuen esparruan munduko garrantzitsuenetarikoa den JEC Europe konferentzian, urtero Parisen ospatzen dena.

Zabaldu: