CIDETEC zentro teknologikoak lankidetza hitzarmena sinatu du Basque Center for Macromolecular Design and Engineering, POLYMAT Fundazioarekin

10/11/2015

Basque Center for Macromolecular Design and Engineering, POLYMAT Fundazioko zuzendari Jose M. Asuak eta CIDETEC zentro teknologikoko zuzendari nagusi Francisco Javier Rodriguezek hitzarmena sinatu dute, azaroaren 10eko datarekin, bi erakundeen artean lankidetza esparru bat sustatzeko, harremanak sendotu, ahaleginak batu eta jarduera ildoak ezarriz, prestakuntza, ikerketa, transferentzia, berrikuntza eta ezagutzaren dibulgazioaren arloetan duten lankidetza bideratu eta areagotu ahal izateko.

 

Lankidetza bidezko ikerketa eta berrikuntza garatzea da esparru hitzarmenak ezartzen duen jarduera ildo nagusia, ikerketa programa bateratuak bultzatuz estatu mailan zein nazioartean, energia, biomaterial eta korrosioaren arloetan, besteak beste.

 

Hitzarmenak zentroek azpiegiturak eta ekipamendua partekatzea aurreikusten du, eta benetako elkartrukea burutzea ikertzeko dituzten ahalmenei eta materialari dagokienez. Halaber, jardunaldiak, mintegiak eta biltzarrak ospatu nahi dira elkarren artean, berrikuntza sustatzeko eta jendarteratzeko. Horrez gain, hitzarmenaren xedapenetan dago ikertzaileen elkartrukea sustatzea proiektuak garatuko dituzten diziplina anitzeko talde mistoak osatzeko, nazioartean ospea izango duten ikertzaileak prestatzea eta talentua erakartzeko ahalmena indartzeko plataformak sortzea.

 

Hazkunde ekonomikoaren eragile nagusietakoak ikerkuntza, garapen teknologikoa eta berrikuntza direlako konbentziturik, eta ohartuta eraginkortasunaren eta efizientziaren aldeko lankidetzak indartu behar direla, hitzarmenarekin bi erakundeek onura teknologiko eta ekonomiko esanguratsuak lortzea espero dute. Halere, hitzarmenari onura gehien aterako diotenak gure inguruneko enpresak izango dira, azken finean, beraiek izango direlako sortuko diren berrikuntza eta garapenen hartzaileak. Lankidetzatik sortuko diren ezagutzek eta soluzioek, zalantzarik gabe, gure industria sarearen berrikuntza eta lehiakortasunerako ahalmena hobetzen lagunduko dute.

 

POLYMAT polimeroen arloan industria sektoreari, diziplina anitzeko ikerketa programa baten bitartez euskarria ematen dion ikerkuntza erakundea da. CIDETEC, berriz, ezagutza eta teknologiaren sorkuntzan eta transferentzian aditua den erakunde teknologikoa da, material polimerikoen, gainazalen tratamenduen eta energia metatzearen arloetan. Bi erakundeek Donostian garatzen dute beren jarduera.

Zabaldu: