Abian da DEFACTO, Europan bateriak fabrikatzeko industria irauliko duen proiektua

09/01/2020

CIDETEC Energy Storage-k koordinatzen du DEFACTO Europako proiektua, eta urtarrilaren 14an jarriko da martxan, Donostian, esku hartzen duten bazkide guztiak bilduko dituen abio-saio batekin eta CIDETECen instalazioetara bisita eginez.

Europako Batzordearen 2020 Horizontea programak finantzatzen du DEFACTO proiektua. Haren bidez, industrian orain arte ibilgailu elektrikoen baterietarako gelaxkak fabrikatzeko landu den modua irauli nahi da. Egun, laborategi eta langile kostu nabarmenak egin behar dituzte enpresek gelaxken diseinua eta fabrikazio-prozesua hobetzeko. Ildo horretan, DEFACTOk diziplina anitzeko metodo bat jarriko du martxan, laborategiko, prototipatzeko eta eskala anitzeko eredu multifisikoak uztartuz. Horri esker, alde batetik, gelaxken garapenari buruzko ikerkuntza- eta berrikuntza-prozesuak bizkortu ahal izango dira, diseinua eta funtzionaltasuna optimizatuta; eta, bestetik, nabarmen handitu ahal izango da Europako industriaren lehiakortasuna.

Kostuak erabat beheratu eta funtzionaltasunak gehitzen direnean, gorakada masiboa izango du ibilgailu elektrikoen erabilerak, eta ondorioz nabarmen handituko da baterien eskaria. Baterien oinarrizko osagaiek, gelaxka elektrokimikoek, merkatu garrantzitsua osatzen dute europar industriarako: 2025ean 250 mila milioi eurokoa izango dela zenbatetsi da. Gaur-gaurkoz, Asia dago buruan: Txinak, Koreak eta Japoniak dute fabrikazio-gaitasun handiena. Bien bitartean, sektoreko eragile liderra bihurtzeko gogoz ere, Europak berrikuntza jarri du gelaxken fabrikazio-ahalmena indartzeko eta hedatzeko industria-estrategiaren ardatzean. Gainera, Europako kontinenteak baditu beste erakargarri batzuk: esaterako, ibilgailuen muntaketa-planten gertutasuna eta ongi garatutako kate logistikoa automobilgintzaren sektorean. Industriako ekosistemaren berrikuntza sustatzeko, Europako Batzordeak askotariko ikerketa-proiektuak finantzatzen ditu, eta horietako bat da DEFACTO.

Europako mugikortasun elektrikoaren industriaren posizionamendu globala hobetzeaz gain, garraioaren deskarbonizazioa sustatu eta bizkortu nahi du DEFACTOk; izan ere, % 96an erregai fosilen beharrean dago industria hori oraindik. Helburu hori bat dator Europar Batasunaren asmoetako batekin; hau da, garraio-sistema adimendunagoa eta ekologikoagoa lortzea, gizartearen mugikortasun-premia gero eta handiagoak ase ahal izateko, eta aldi berean, karbono emisioak murriztu eta efizientzia energetikoa handitzeko. 

Europar Batasunaren 2020 Horizontea Ikerketa eta Berrikuntza Programak finantzatzen du DEFACTO ekimena. Guztira 5.988.318,75 €-ko aurrekontua izango du, eta 42 hilabetez iraungo du.

Hamahiru bazkide bildu dira ekimena osatzen duen partzuergoan: bost ikerketa-zentro (CIDETEC Energy Storage, Energia Alternatiboen eta Energia Atomikoaren Frantziako Komisioa, Hellas Ikerketa eta Teknologia Zentroa, Alemaniako DLR Zentro Aeroespaziala eta Fraunhofer-Gesellschaft), bi unibertsitate (Brunswick Unibertsitate Teknikoa eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa), bi industria lider (ESI Taldea eta Irizar e-mobility), hiru enpresa txiki eta ertain (Sustainable Innovations Europe, Lechlanche GmbH eta Avesta Battery & Energy Engineering), eta normalizazio erakunde bat (UNE), guztiak ere CIDETEC Energy Storage zentroaren koordinaziopean.

Zabaldu: