Bateria-paketearen kontzeptu modularra ibilgailu elektriko bateriadunentzat zein ibilgailu elektriko hibrido entxufagarrientzat, autonomiarekiko antsietatea gainditzeko

10/11/2021

ALBATROSS proiektuak Europako turismo-ibilgailu elektriko eta hibridoen merkatuaren beharrei erantzuten die; izan ere, gidariek bateriaren iraupenari, kostuari, epe luzeko fidagarritasunari eta kargatzeko gehiegizko denborari buruz dituzten kezkak gainditzen ditu.

 

Ibilgailu-parkea elektrifikatzea erabakigarria da CO2 isuriak murrizteko lege-baldintza orokorrak betetzeko. Ibilgailuok are erakargarriago ari dira bilakatzen, hiri barruko zero emisioak kontuan hartzearen eta kalitate eta errendimendu handiagoko ibilgailu elektrikoak lortzearen poderioz. 2018an, bi milioi ibilgailu elektriko baino gehiago saldu ziren mundu osoan; horien % 68,7 ibilgailu elektriko bateriadunak ziren (BEV, battery electric vehicles) eta % 31,3 ibilgailu elektriko hibrido entxufagarriak (PHEV, plugin hybrid electric vehicles). Urteko hazkunde-tasa % 57,3koa izan zen. Hala ere, badira hainbat alderdi, ibilgailuok gehiago ustiatzea galarazten dutenak. Zehazki, gidarien artean kezka sortzen duten ezaugarrien artean ageri dira, besteak beste, baterien autonomia (eta hark eragindako antsietatea), kostua, baterien epe luzerako fidagarritasuna eta karga-denbora luzeegiak. Europako fabrikatzaileek gako-teknologiak garatu behar dituzte, erosleen zalantza-puntu nagusiei heltzeko. ALBATROSS proiektua erronka horiek konpontzen laguntzeko sortu zen, eta CIDETEC Energy Storage talde horretako kidea da.

 

Fabrikatzaile europarrek eta arduradun politikoek ibilgailu elektrikoen eskaria handitzea nahi dute, lehiakor izaten jarraitzeko, helburu klimatikoak betetzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko (hirietako airearen kalitatea areagotzea eta zarata murriztea). Onarpen handiagoa lortzeko, erosleen zalantza orokorrak argitu behar dira: autonomia eta kostua, batik bat. Gaur egungo muga asko bateria-paketeekin lotuta daude. Ibilgailuen fabrikatzaileek ahalik eta energia eta iraunkortasun handiena lortu nahi dute bateria-paketeetatik eta, era berean, ahalik eta modu azkar eta seguruenean kargatu nahi dituzte. Hori hala den heinean, auzi horiek are kritikoagoak bihurtzen dira. Baterien banakako gelaxken kudeaketa termiko “adimenduna” funtsezko faktorea da errendimendua hobetzeko, kanpoko tenperaturak edozein direla ere (muturreko hotza edo beroa).

 

ALBATROSS proiektuko emaitzekin, gure automobil-ekoizleek lehiakortasuna hobetu ahal izango dute, bateria-paketeen kostua murriztuz eta bigarren bizitzako aplikazioen balioa handituz. Horri esker, erakargarriago bihurtzeaz gainera, bizitza baliagarri osoan murriztuko dituzte isurpenak, eta, hala, munduko lege-baldintzak beteko dituzte. Teknologiak mundu osoan eskuragarri dauden bateria-gelaxketan oinarriturik daude. Horri esker, azkar ustiatu daitezke eta, hala, lehiarako abantaila emango zaie EBko gure hornidura-kateei.

 

Proiektuaren amaieran, CIDETEC Energy Storage arduratuko da bateria-paketearen kontzeptu berria baliozkotzeaz, laborategian eginiko epe luzeko proben bidez. Proba horien barruan sartuko dira gidatze estandarreko zikloak eta karga azkarreko tasak, bateria-paketearen funtzionamendu seguruko agertoki handienaren arabera. Bestalde, CIDETEC bateria-paketea modelizatzen laguntzen ari da, modelizazio elektrikoan eta termikoan dugun esperientzia baliatuz.

 

Proiektu honek Europar Batasunaren Horizon 2020 ikerketa eta berrikuntza programaren dirulaguntza jaso du 824066 zenbakidun akordioaren bidez.

 

Artikulu honek egilearen iritzia baino ez du jasotzen, eta agentziak ez du erantzukizunik bertan jasotako informazioaren erabilerari dagokionez.

Zabaldu: