CIDETEC-ek ahalmen handiagoa izango du orain, Eskuzaitzetako egoitza berriarekin

30/09/2022
Instalazio berria MUBIL Poloan dago eta, hari esker, CIDETEC Energy Storage-k bikoiztu egingo du orain duen tokia, 7.000 m2-tara heldu arte.

18,3 milioiko inbertsioarekin, Europa mailako elektromugikortasunaren epizentroetako bat izango da.


Donostian, 2022ko irailaren 30ean. CIDETEC-ek beste urrats erraldoi bat eman du energia biltegiratzearen arloan. CIDETEC Energy Storage-k egoitza berri bat izango duela berretsi du,  Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako MUBIL, Mugikortasun Adimentsu eta Jasangarri Berriaren Poloan, Eskuzaitzetan. Instalazioa prestatzeko lanak uztailean hasi ziren, eta guztira 18,3 milioi euro inbertituko dira bertan. 2024 amaieran martxan jartzea da asmoa.

CIDETEC Energy Storage-k eta zentroaren estrategia korporatiboko sailek hartuko dituzte kokapen berriaren 7.000 metro karratuak. Horrez gain, MUBIL-en eraikin nagusian, 2.200 metro karratu laborategi kudeatuko ditu CIDETEC-ek. Laborategi horiek ere Tolosako egungo egoitzatik Eskuzaitzetara lekualdatuko dira.

Horrekin guztiarekin, energia biltegiratzeko 10.000 m2-ko instalazioak izango ditu zentroak eta, horrenbestez, bikoiztu egingo du orain duen ahalmena. Horrela, CIDETEC Energy Storage-k energia biltegiratzearekin eta, bereziki, bateriekin zerikusia duen teknologia garatzeko Europako nukleo handienetako bat edukiko du. Azalera horren erdia baino gehiago materialen ikerketarako eta sistema-ingeniaritzarako laborategietara bideratuko da, baita TRL 9 mailara hurbiltzen diren teknologiak garatzeko instalazio pilotuetara nahiz eskalatzeko instalazioetara ere.

Hori guztia trantsizio energetikoa errazteko estrategiarekin lerrokatuta dago, funtsezkoa baita energia berriztagarriak modu efizientean aprobetxatzeko eta sisteman integratzeko. Gainera, bat dator CIDETEC-en plan estrategikoarekin, datozen 5 urteotan tamaina bikoizteko asmoa baitu. Halaber, ahalmen handiagoa izateari esker, CIDETEC Energy Storage-ren estrategiaren funtsezko alderdi bat gauzatu ahalko da: baterien arloan enpresa-ekimen berriak sustatzea, etorkizuneko erronka berri eta handinahiei heltzeko.

CIDETEC Nanomedicine-k eta CIDETEC Surface Engineering-ek Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean, Miramonen, jarraituko dute lanean.

Zabaldu: