E-MAGIC proiektuari esker hurbilago dago baterietan litioaren ordez magnesioa erabiltzeko aukera

16/05/2023

CIDETEC Energy Storage buru duen proiektuaren baitan artikulu bat argitaratu da Energy & Environmental Science aldizkarian, energiaren arloan munduko hirugarren aldizkari garrantzitsuenean. Artikulu horretan agerian uzten da magnesioan oinarritutako baterien bideragarritasuna eta potentzialtasuna.

 

Gaur egun, litio-ioizko bateriak (LIB) erabili ohi dira batik bat egungo aplikazioetan eta sortzen ari diren aplikazioetan, hala nola garraioa elektrifikatzeko edo energia berriztagarriak biltegiratzeko. Hala eta guztiz ere, naturan litio (Li) gutxi dago, eta eremu geografiko jakin batzuetan pilatuta. Ondorioz, etorkizunean litio-ioizko bateriak ekoizteko hornidura arazoak egongo direla aurreikusten da. E-MAGIC proiektua FETPROACT-01-2018 deialdiaren baitan finantzatu zen, eta helburu nagusia litio-ioizko baterien alternatiba bat bilatzea zen, bateriaren osagai nagusi gisa magnesioa erabiltzeko aukera aztertuz. Bateria kargagarrietan magnesio metalikozko anodoak erabiltzeak abantaila handiak dakartza energia-dentsitateari, kostuari, segurtasunari, jasangarritasunari eta erabilitako lehengaien hornidurarekin arazo gutxiago izateari dagokionez; izan ere, munduan magnesio ugari baitago, eta ondo banatuta.

E-MAGIC proiektuan lanean ari den taldea Europan eta Israelen bateria-sistema berrien garapenaren arloan erreferentziazkoak diren zentro eta unibertsitateek osatzen dute, eta “A practical perspective on the potential of rechargeable Mg batteries” izeneko artikulua argitaratu dute berriki. Lan horretan, bateria baten prototipo bat erakusten da lehen aldiz, 500 mAh inguruko ahalmena eta itzulgarritasun handia (> 200 karga/deskarga ziklo) duena. Horri esker, teknologia hau bideragarria dela frogatzen da. Gainera, sistemaren prestazioak (batez ere, energia-dentsitatea) nabarmen hobetuko lituzketen material berriak garatzeko eta inplementatzeko bide-orri bat ezartzen da artikuluan. Proiektuaren baitan laborategiko gelaxka mailan garatu diren materialen artean, emaitza onenak eman dituztenen eragina aztertuz gero, 160 Wh kg-1 baino gehiagoko energia-dentsitatea lortuko dela aurreikusten da, ohiko litio-ioizko bateriekin alderatzeko modukoa. 

Zabaldu: