eMAGIC ekimena: Magnesioko Baterien Europako Elkarte Interaktiboa ezartzeko bidean

30/01/2019

Joan den urtarrilaren 23an eMAGIC partzuergoa bildu zen CIDETECen Donostiako egoitzan. Nazioarteko ekimen horrek magnesioan oinarritutako baterien teknologia berri baten garapenaren eta aplikazio industrialaren buruan kokatu nahi du Europa.

Gaur egun, litio-ioizko bateriak dira erreferentziazko teknologia energia biltegiratzeko aplikazio guztietan: elektromugikortasuna, elektronika eramangarria, aplikazio egonkorrak, eta beste. Teknologia bizia da, eta eboluzionatzen ari da, baina badaude kontuan hartu beharreko zenbait muga energia-dentsitateari, iraunkortasunari, kostuari edo ingurumen-inpaktuari dagokienez. Bestalde, aski ezaguna da Europak mendetasuna duela ekoizpen-gaitasun gehienak biltzen dituzten beste eskualde batzuekiko; bereziki, Asiarekiko.

Magnesioa (Mg) nahiko metal ugaria da (litioa baino 3.000 aldiz ugariagoa), eta birziklagarria eta eskuraerraza da. Magnesio-anodoak dituzten baterien abantaila da energia bolumetrikoko dentsitate handiagoa dutela, litio-ioizko bateriekin alderatuz gero (1000 Wh/l-tik gora), eta energia biltegiratzearen sektorean etorkizunerako apustu argia dira era guztietarako aplikazioetarako.

Literatura zientifikoan duela zenbait urte deskribatu ziren magnesioko bateriak, baina oraino mugatuta daude, ez dagoelako elektrolito egokirik beharrezko prestazioekin bat datorren ziklabilitatea ahalbidetzeko. Badaude beste erronka batzuk ere: esaterako, material katodiko egokienak identifikatzea eta anodoan beste metal batzuekin egindako magnesio-aleazioak erabiltzea.

CIDETEC Energy Storage-k koordinatzen du eMAGIC partzuergoa, eta magnesiozko baterien ikerketaren arloan nazioarteko aitzindari nagusiak hartzen ditu barnean. eMAGICek sei herrialdetako hamar bazkide biltzen ditu (Alemania, Danimarka, Espainia, Frantzia, Israel eta Erresuma Batua), eta balio kate osoari ematen dio estaldura: funtsezko ikerketatik industriako bideragarritasunera arte, garapen teknologikoa, prototipoa, modelatua eta beste zenbait alderdi ere barnean harturik. Proiektuaren azken helburua bikoitza da: batetik, magnesio baterien teknologia garatu nahi da, industriarako bideragarriak diren frogatu arte; bestetik, oinarriak finkatu nahi dira, mugako ezagutza sortzeko nazioarteko komunitatea ezartzeko eta, hala, Europak independentzia teknologikoa izan dezan etorkizuneko baterien teknologiaren arloan eta eremu horretan nazioarteko liderra izan dadin.

eMAGICek 6.7M €-ko aurrekontua du lau urtetarako, eta Europako Batzordearen H2020 programak finantzatzen du, FET Proactive 2018-2019 "Mikroenergiako eta energia biltegiratzeko teknologia distruptiboak" deialdiaren barruan. Hain zuzen ere, ebaluazio independenteko prozesuan gehienezko nota lortu zuen (15etik 15).

Zabaldu: