MUBIL, Gipuzkoako elektromugikortasun zentroa aurkeztu zen atzo Tolosan

03/09/2020

CIDETEC ENERGY STORAGE energia biltegiratzeko laborategi aurreratua kudeatzeaz arduratuko da eta proiektuaren zati bat finantzatuko du.

Gipuzkoako proiektu estrategikoetako bat da hau, eta helburu nagusia MUBIL zentroa elektromugikortasunarekin loturiko berrikuntzen eta ezagutzaren interesgune izatea eta gure lurraldea mugikortasun elektrikoaren eta energia biltegien nazioarteko abangoardian kokatzea da.

Ane Insausti zuzendariak azaldu zuen moduan, MUBIL-ek lau norabidetan egingo du lan: azpiegitura teknologiko indartsua izatea, ekintzailetza sustatzea, ezagutza sortzea eta kudeatzea eta, esperimentazioaren bidez, Gipuzkoa “living lab” bilakatzea.

Zentroa urtea amaitu aurretik jarriko da martxan, eta eraikinaren 2.300 metro karratuetatik 1.400 Cidetec enpresak kudeatuko duen energia biltegiratzeko laborategi aurreratuak hartuko ditu. Javier Rodríguez zuzendari nagusiaren arabera, Europa mailan punta-puntakoa den ekipamendua izango du, hala nola mahai bibratzaile bat, eta «lurraldeko enpresa guztiek izango dute prototipoak eta produktuak probatzeko aukera».

Laborategian egindako inbertsioa 8 milioi eurokoa izango da, eta zati bat Cidatec-ek finantzatuko du. Gainera, etorkizuneko mugikortasun elektrikora bideratutako gelaxka eta baterietan hobekuntzak egiteko behar den ekipamendu teknologiko guztia emango du enpresak.

Ane Insausti eta Javier Rodríguezekin batera, honako hauek egon ziren ekitaldian: Imanol Lasa, sustapen ekonomikoaren saileko foru diputatua; Ainhoa Aizpuru, proiektu estrategikoen saileko foru diputatua; Eneko Goia, Donostiako alkatea, eta Olatz Peon, Tolosako alkatea.

Zabaldu: