CIDETEC Nanomedicinek oinarriak ezarri ditu, sektore medikoko ETEen berrikuntza merkatura gerturatzeko

27/07/2021
MDOT proiektuak 8 milioi eurotik gorako aurrekontua du, eta plataforma bat garatzen ari da, produktu medikoen gaineko berrikuntzak ebaluazio klinikoaren alorrera eramateko.

CIDETEC Nanomedicinek Europako MDOT proiektuan parte hartzen du, zeinaren helburu nagusia baita osasungintzaren sektoreko ETEen garapenak egiaztatzea, produktu klinikoei buruzko erregelamendu berrira egokituta; izan ere, segurtasun-baldintza berriak eta proben kostu handiak direla-eta, arriskuan jar litezke enpresa horien lehiakortasuna eta herritarrentzako onurak.

Teknologia medikoko Europako 26.000 enpresen % 95 inguru enpresa txiki eta ertainak dira: Europan 650.000 lanpostu baino gehiago sortzen dituzte, 14.000 milioi euroko merkataritza-balantza positiboa eskuratzen dute, eta lehenbizikoak dira patente-eskaeretan (EPO). Europako Gailu Medikoen Erregelamendu berriak areagotu egiten du pazientearentzako segurtasun-maila, baina, aldi berean, arriskuan jar dezake enpresa horien jarraitutasuna, proba klinikoen betekizun handiengatik.


MDOT proiektuaren helburua da plataforma bat ezartzea agente horiek informazioa partekatzeko eta ahaleginak optimizatzeko, berrikuntza teknologikoa eta bideragarritasun ekonomikoa zainduz, animalietan eginiko probak murriztuz eta, araudi berriari esker, pazientearentzako segurtasun-onurak areagotuz.

Plataforma berriaren bitartez, errazagoa izango da garatutako gailu medikoen segurtasuna ebaluatzeko arauzko betekizunak ezagutzea eta erabilera komuneko materialen eta osagaien datu-basea ezartzea. Gainera, networking-sare berri horri esker, baterako ebaluazioak egin ahal izango dituzte, eta modu seguru eta gardenean trukatu ahalko dira datuak. Hartara, kostuak murriztuko dira eta, aldi berean, areagotu egingo dira gailu medikoetako berrikuntzen kalitatea eta segurtasuna.

CIDETEC Nanomedicinek, proiektuaren barruko nodo ortopedikoaren buru izateaz gainera, plataformak baliozkotzeko erabiliko den azterketa-kasuetako bat zuzenduko du: hidrogelean oinarritutako estaldura bat, protesiaren higadura kontrolatzeko.

MDOT proiektua Fraunhofer ITEM etxeak koordinatua da, eta zortzi milioi euro baino gehiagoko aurrekontua du. Hala, balio-kate osoa biltzen duen partzuergo batek osatzen du: ikerketa eta oinarrizko probak (ITEM, CIDETEC Nanomedicine, Bayreutheko Unibertsitatea, Linzeko Unibertsitatea, Leedseko Unibertsitatea, Southamptoneko Unibertsitatea); industria (DEMCON, ACMIT, MATHYS); erregularizazioaren alorreko adituak (MT-Consult, Nanoconsult) eta aplikazio klinikoak (Poznaneko Unibertsitatea, Hannoverreko Medikuntza Eskola).

Zabaldu: