CIDETEC-ek urtea bete du CERVERA bikaintasun mailako zentro gisa hiru ikerketa-lerrotan

26/03/2021

Donostiako zentroak estatuko ehun industrialaren ahalmena hobetzeko eragile estrategiko gisa kokatzen duten hiru proiektu ditu abian

CIDETEC-ek Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak (CDTI) sustatutako CERVERA sareko hiru proiektutan egiten du lan. Sare horren funtzioa hautatutako zentro teknologikoen bikaintasuna ziurtatzea eta haien arteko elkarlana bultzatzea da, industrian aplika daitezkeen ahalmen berriak sortzeko eta balio erantsia areagotzeko. ALMAGRID, ENERISLA eta SURFERA proiektuei esker, energia % 100 berriztagarriak erabili ahalko dira sare elektrikoan, trantsizio energetikoari aurre egiteko teknologia garatu ahalko da, eta gainazalen ingeniaritzaren bidez produktuak optimizatzeko aukera egongo da.

ALMAGRID proiektuaren bidez ziurtatzen da CIDETEC Cervera bikaintasun mailako zentroa dela energia biltegiratzeko teknologia aurreratuak sareko aplikazioetan integratzearen arloan. Proiektu horren helburua da energia berriztagarriak darabiltzaten teknologiak sare elektrikoan modu masiboan integratzeko beharrari erantzuteko soluzioak garatzea. Hautatutako zentroak material berriak, osagai jasangarriak eta biltegiratze-sistema optimizatuak garatzen ari dira, elektrizitatea banatzeko eta transmititzeko behar den malgutasun-maila bermatzen duten sare-zerbitzu estrategikoak emateko. Halaber, biltegiratze-teknologiak aplikatzeko hobiak identifikatzen dira, negozioetarako aukera gehiago eskaintzeko industria energetikoari, enpresa integratzaileei, baterien eta bestelako osagaien fabrikatzaileei eta hondakinen kudeatzaileei, besteak beste. CIDETEC Energy Storage zentroak koordinatutako ALMAGRID sarean Tekniker, ITE eta Circe zentroek ere kolaboratzen dute, eta enpresei laguntza eskaintzen diete zerbitzu teknologikoen eta prestakuntza- nahiz nazioartekotze-zerbitzuen bidez.

Bestalde, trantsizio energetikoan lagungarriak izango diren tresnak eskaintzeko helburuarekin, ENERISLA proiektuko kideek iturri berriztagarrien bidez elikatutako mikrosare isolatuak martxan jartzeko egiten dute lan. Horrela, Espainiako elektrizitatearen merkatuko enpresei egoera energetiko berri honetan lehiakortasuna hobetzeko balio duten ezagutzak eta soluzio berriak eskaintzea da asmoa. ENERISLA proiektuaren emaitzek ekarpen garrantzitsua egingo diote trantsizio energetikoari; izan ere, teknika eta soluzio berriak emango baitituzte sare elektrikorako sarbide mugatua daukaten puntuetanenergia berriztagarriak erabili ahal izateko, baterien funtsezko paperari esker. Proiektuan, CIDETEC-ez gain, Tecnalia, CTIC eta Circe zentroek hartzen dute parte; azken horrek koordinatzaile gisa. Partaidetza horri esker, energia sortu eta biltegiratzeko energia berriztagarriak soilik darabiltzaten eta produktu, azpiegitura nahiz eraikinetan aplika daitezkeen sistema hibridoak garatzearen arloan Cervera bikaintasun mailako zentroak direla ziurtatzen da.

Azkenik, SURFERA proiektuaren baitan, eragin ekonomiko eta sozial handia duten sektore industrialetan aplikatzeko balio duten gainazaletako teknologien arloko bikaintasun sarea sortzen ari da. Materialen gainazala eskala mikro eta nanometrikoan iraultzeko trakzio-teknologiak garatzearen bidez, besteak beste aeronautikaren edo ibilgailuen sektoreetan erabil daitezkeen gainazaletako teknologietan bikaintasuna lortzea da helburua. Partzuergo horretan Tekniker, AIN eta Idonial zentroek ere parte hartzen dute, eta CIDETEC Surface Engineering-en funtzioa ingurumen-formulazio berri jasangarriagoak garatzea da, une honetan gainazalak tratatzeko ditugun baliabideen kalitatezko alternatiba bideragarri bat izan daitezen. Bestalde, gainazal elektrokimikoak tratatzeko prozesu desberdinak denbora errealean kontrolatu eta kudeatzeko sistema digitalizatu bat garatuko da, instalazio erakusle berri batzuetan integratuko dena. Instalazio horiei esker, estalduren eta gainazalen akaberen kalitatea bermatu ahal izango da.

2020. urtearen hasieran abiatutako proiektu horiek 10 milioi euro baino gehiagoko aurrekontu bateratu bat daukate, eta martxan jarraituko dute 2022aren amaierara arte.  Horrela, CIDETEC-ek irmo eusten dio askotariko arloetan aplika daitezkeen gainazalen ingeniaritzan eta energiaren sektorean enpresa erreferentea izateko apustuari.

Zabaldu: