Europako STELLAR proiektuan parte hartu du CIDETEC Surface Engineering-ek

27/11/2019

Clean Sky 2 programaren baitan STELLAR proiektuaren partzuergoa osatzen duen erakundeetako bat da CIDETEC. Clean Sky Europako ikerketa programa garrantzitsuena da. Hegazkinen CO2 emisioak eta zarata-mailak murrizteko teknologia berritzaileak garatzea da programa horren helburua. Horizon 2020 Europako programaren funtsez hornituta, Europako industria aeronautikoaren lankidetza, lehiakortasuna eta lidergo globala indartzen laguntzen du Clean Sky-k.

STELLAR martxan jartzeko bilera iragan urrian egin zen, Belgikako Mons hirian, hor baitaude Materia Nova proiektu-koordinatzailearen instalazioak. Bertan izan ziren Marta Fenero eta Jesús Palenzuela CIDETEC Surface Engineering ordezkatzeko. STELLAR proiektuak (Development of SmarT Eco-friendly anticontaminatioan technologies for LAminaR wings) bi milioi inguruko aurrekontua eta 36 hilabeteko iraupena du.

Aireontzien gainazalean intsektuak itsasten badira, erresistentzia-koefizientea handitzen da eta horrek eragin kaltegarria du fluxu laminarrean eta, ondorioz, zuzenean eragiten dio erregai-kontsumoari. Industria aeronautikoak aurrean duen arazoetako bat da hori. STELLAR proiektuak hobeto ulertu nahi du zer-nolako eraldaketa biokimikoa izaten duen hemolinfak hegaldiaren faseetan eta, horrenbestez, zer aldaketa eta interakzio fisiokimiko izaten diren aireontziaren gainazalean. Hala, garbiketa konponbideak eta kutsaduraren aurkako estaldura berri eta iraunkorrak garatu ahal izango dira, intsektuen hondakinek zer propietate dituzten eta gainazalarekin zer interakzio dituzten sakon ezagututa.

STELLAR proiektuaren barruan, hegazkinaren fuselajean intsektuen itsaspena arintzen lagunduko duten estaldura berriak garatzea da CIDETECen eginkizun nagusia. Proiektu horretan, bi WPren buruan dihardu CIDETECek: WP 2an ildo horretan egin diren lan berrienak biltzeko, eta WP 5ean, aldiz, aipatu diren estaldurak garatzeko.

Zabaldu: