CIDETECek bateriak birziklatzea sustatuko du Naturklimaren eraikin berrian

20/03/2023

Eskuzaitzetan kokatutako egoitza berrian Gipuzkoaren hazkunde ekonomiko jasangarrirako estrategia bat sustatuko da, eta klima-aldaketaren aurkako lurraldeko politikak zentralizatuko dira.

 

Joan den martxoaren 17an ofizialki zabaldu zen Naturklima, Gipuzkoako Klima Aldaketaren Foru Fundazioaren egoitza. Passiv-house eraikuntza-estandarren arabera eraikitako Euskadiko lehen eraikina dago bertan. Inaugurazio-ekitaldian Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuari zentro honen garapenean lagundu dioten 120 kolaboratzailek baino gehiagok hartu zuten parte; izan ere, zentroaren xede nagusia klimaren erronka Gipuzkoan eraldaketa ekologiko bat egiteko aukera bihurtzea da.

CIDETECek Naturklimarekin elkarlanean jardungo du baterien ekosistema zirkular bat sortzeko, eta proiektu hori estrategikoa izango da Gipuzkoa erreferentzia bat izan dadin mugikortasun jasangarriari, ekonomia zirkularrari eta trantsizio energetikoari dagokienez. Bateria elektrikoak berreskuratzeko geroz eta eskari handiagoa dago mundu mailan, eta arlo horretan Gipuzkoa eragile lehiakor bihurtzea da proiektuaren asmoa. Horretarako, ikerketarako eta bateriak berreskuratzeko zentro txiki bat sortuko da, energia biltegiratzeko arazoari eta materia-eskasiari irtenbide bat emateko Gipuzkoan.

CIDETEC eta Naturklima lankidetzan ari dira dagoeneko, ezagutza zientifikoa, teknikoa eta kudeaketaren ingurukoa areagotzeko helburuarekin, Gipuzkoan bateriak birziklatzeko eta berrerabiltzeko balio-kate bat finka dadin, duela gutxi sinatutako lankidetza-hitzarmen bati esker.

Zabaldu: