CBE-JUren proiektu berria abiatu da: CUBICen baitan material biooinarritu berriak garatuko dira plastiko konplexuz eta askotariko materialez osatutako konpositeen zirkulartasuna hobetzeko.

14/09/2023

Pozarren iragartzen dugu CUBIC ikerketa eta berrikuntza proiektua abiatu dela, «Europa biooinarritu zirkularra» baterako ekintzak (CBE-JU) finantzatuta (diruz laguntzeko 101111996 akordioa). Baterako ekintza hori Europar Batasunaren ikerketa eta berrikuntzarako Horizon Europe esparru-programaren baitan dago. Proiektuak 42 hilabeteko epea eta ia 4,7 milioi euroko aurrekontua ditu, eta joan den astean egin zen proiektuari hasiera emateko bilera, Zaragozako (Espainia) Aitiip teknologia-zentroaren instalazioetan.

 

CUBIC proiektuaren helburua goi-mailako teknologiarekin eta askotariko material aurreratuekin osatutako konpositezko egitura termoegonkor nahiz termoplastikoak darabiltzaten produktu konplexuen jasangarritasuna eta zirkulartasuna hobetzea da, ordezko material biooinarritu zirkularrak garatuta. Material berri horiek % 100 birziklagarriak izateko daude diseinatuta, eta enpresen arteko (B2B) transakzioetarako produktu erdi amaitu gisa fabrikatuko dira, banako gisa nahiz erabiltzaileari eskainiko zaion azken produktuan muntatuta erabili ahal izateko. Halaber, proiektu honen bidez garatutako material berriak merkatuan erraz sartzea da asmoa, Europako industria deszentralizatzeko eta biki berdea nahiz eraldaketa digitala bultzatzeko.

 

Horretarako, hasiera batean CUBICek material biooinarritu berrien garapena ikertuko du, ligninan eta landare-olioetan oinarritutakoak batik bat, enpresen arteko (B2B) transakzioetarako tarteko edo erdi amaitutako produktu berriak diseinatu ahal izateko. Horrez gain, amaierako produktuak zirkularrak eta jasangarriak izateko diseinatuta daudela ziurtatuko du proiektuak, egungo aukera konplexu eta ez-zirkularrak baztertu ahal izateko. Hori lortze aldera, autoindartzeko eta kimika dinamikoko teknologiak aztertuko dira, fabrikazio-prozesu berean B2B transakzioetako bitartekari desberdinak konbinatu ahal izateko. Prototipoak probatu eta baliozkotuko dira. Bi amaierako produktu edo aplikazio jakinekin egingo da hori: IV motako H2 gasa biltegiratzeko ontzi batekin eta automobiletarako aulki batekin. Bi produktu horiek ingurumen-eskakizun eta eskakizun tekniko guztiak beteko dituzte. Bestalde, proiektu honen bidez, produktuak desegin, osagaiak birziklatu eta haien balioa handitzea posible dela frogatuko da.

 

CUBICek bizi-zikloari, kostuari, metodologia sozialei nahiz tresna digitalei buruzko ebaluazioak egingo ditu, material biooinarrituak eta fabrikazio-prozesua optimizatu eta produktuaren diseinuaren kalitatea eta prozesuen efizientziaren aurreikuspenak hobetzeko. Proiektuak dirauen bitartean, CUBICek plan eguneratu eta egokitu bat ezarriko du ustiatze-, barreiatze-, komunikazio- eta prestakuntza-jardueretarako. Proiektua exekutatu bitartean egingo diren jarduera orokorrak babesteko, koordinazio koherentea eta arazorik gabea sustatuko da, baita elkarreragingarritasunerako datu-kudeaketa ere, FAIR (bilagarriak, atzigarriak, elkarreragingarriak, berrerabilgarriak) printzipioetan oinarrituta.

 

Proiektuaren partzuergoa, Aitiip buru duena, gaitasun osagarriak dauzkaten 13 bazkidek osatzen dute. Horien artean daude industriako 6 bazkide (Specific Polymers, Comfil, Carbotainer Proyectos, Moses Productos eta Q-PLAN enpresa txiki eta ertain gisa eta Novamont enpresa handi gisa), ikerketa eta teknologiarako 6 erakunde (Aitiip, Centexbel, Cidetec, Idener, DITF, Circe) eta erakunde akademiko bat (Limerick University). Ekintza honetan Europako 8 herrialdek hartzen dute parte (ES, FR, IE, BE, DK, DE, IT, GR).

Zabaldu: