CIDETECek arrakastaz garatu du sektore aeronautikorako leiho adimendunen kontzeptu berria

05/11/2015
CATEC zentroan urriaren 29an eginiko jardunaldian burutu zen INLIGHT proiektuaren itxiera teknikoaren bilera

Etorkizuneko hegazkinetarako leiho adimendunen belaunaldi berria garatzeko helburuarekin, CIDETECek INLIGHT proiektu europarra koordinatu du 2012az geroztik, EBko VII. Esparru Programak finantzatuta, guztira 4 milioi €-ko aurrekontuarekin.

 

Proiektuan, enpresa aeronautiko garrantzitsuek hartu dute parte, besteak beste,  AIRBUS Groupek eta GKN Aerospacek, eta beste zentro teknologiko batzuk ere aritu dira, hala nola, IK4-TEKNIKER, Fraunhofer ISC eta VTT.

 

Proiektua garatzen emandako 3 urteetan bete egin dira hasieran planteatutako helburuak, hau da, bidaiariaren nahierara iluntzeko edo argitzeko leiho adimendunak garatu dira, gehiegizko argitasun edo itsutasun-egoerak galarazteko; hala, erantzuna eman zaio bidaiarien erosotasuna hobetuko duten sistemen eskaera gero eta handiagoari.

 

Proiektuan erabilitako teknologia material elektrokromikoetan oinarritu da; materialok kolorez aldatzen dira eremu elektriko txiki baten mende jartzen direnean. Halaber, leihoen azaleran OLED argi-sistema gardenak txertatzea lortu da (TOLED); kontzeptu hori orain arte ez zegoen merkatu aeronautikoan.

 

Estaldura nanoegituratuetan oinarritutako gailu elektrokromikoei dagokienez, tenperatura altuko prozesuetan lan egin beharrak eragiten dituen mugak konpondu dira, substratu plastikoekin bateragarriak diren prozesu berriak garatuta. Gainera, elektrolito solido gardenak garatu dira, eroankortasun ioniko handiarekin eta atxikidura ezin hobearekin, elektrolito likidoen erabilerari lotutako mugak saihesteko.

 

Horrez gain, TOLED gailuei dagokienez, gardentasun handiko bost geruzako modulu bat garatzea lortu da. Halaber, ITO erabili ordez, erresistibitate txikiko eta gardentasun handiko AZO geruzak substratu plastikoen gainean jalkitzea lortu da.

 

Azkenik, gailu biak (elektrokromikoak eta TOLED) benetako hegazkin baten leihoaren neurrietara eraman dira, eta teknologia biak uztartuta konponbide orokorra garatu da.

 

Aipatutako lorpenek balio izan dute hegazkinetan premium funtzionalitateak dituzten leiho adimendunen kontzeptua balioztatzeko, baita garatutako teknologiaren moldagarritasuna egiaztatzeko ere, beste sektore industrial batzuetara estrapolatu ahal izateko, esaterako, automobilgintzara edo eraikuntzara.

 

Informazio gehiago:

http://inlight-project.eu/

Zabaldu: