Garraiagailu likidoei esker, hidrogeno kantitate masiboak distantzia luzeetan zehar garraiatu ahalko dira

30/11/2022

CIDETEC Energy Storage-ren partaidetza duen EKARRIH2 proiektuak egungo hidrogeno-garraiagailuen mugak gainditzeko asmoa du

 

Hidrogenoa biltegiratzearen, garraiatzearen eta banatzearen arloko ikerketa ezinbesteko lasterketa bat bihurtu da Hidrogenoaren Ekonomia ezartzeko aukera ematen duen azpiegitura sendo bat eraikitzeko; izan ere, beharrezkoa izango da hidrogeno berdea merke ekoizteko aukera ematen duten eremuetatik substantzia hori garraiatzea. Egungo gas presurizatu edo likido kriogeniko bidezko soluzioek hidrogenoaren propietate fisikoekin lotutako zenbait desabantaila dauzkate, hala nola kostu altua edo segurtasun-arazoak. Bestalde, hidroduktuen azpiegitura berri bat eraikitzeak ebatzi beharreko arazo batzuk dakartza, eta distantzia laburretarako soilik balioko luke. Hori horrela, hidrogeno kantitate masiboak distantzia luzeetan zehar garraiatu ahal izateko garraiagailu likidoak erabiltzea soluzio ona dela nabarmentzen da.

CIDETEC Energy Storage-k garraiagailu likidoetan oinarritutako soluzioak ikertzen dituen EKARRIH2 proiektuan parte hartzen du. Garraiagailu horien molekulak hidrogenoa kimikoki eta modu itzulgarrian txertatzeko gai dira, eta, horri esker, posible izango da hidrogeno kantitate handiak distantzia luzeetan zehar modu seguru eta jasangarrian garraiatzea, kostu lehiakor batekin.

Proiektuak iraungo dituen 19 hilabeteetan zehar garatuko diren garraiagailu likidoek, hala nola hidrogenoa garraiatzeko likido organikoek (LOHC), ezaugarri hauek izatea da helburua: toxikotasun gutxi, zikloan zehar CO2-rik ez, hidrogenoa biltzeko ahalmen handia eta hidrogenazio/deshidrogenazio zikloetan degradazio maila txikia. Halaber, erreaktore katalitikoak eta/edo elektrokimikoak garatuko dira, laborategi-eskalan.

EKARRIH2 proiektuaren baitan, CIDETEC Energy Storage-k garraiagailuak hidrogenatzeko teknologien ikerketa eta garapenarekin lotutako jarduerak koordinatzen ditu. Horren helburua garraiagailuak hidrogenatzeko teknologia kimiko eta elektrokimiko berritzaileak garatzea eta, ondoren, erreaktore katalitikoak (gune finkokoak nahiz milikanalak) eta elektrokimikoak mihiztatzea da.

Proiektuaren azken fasean, egindako garapenei esker, hidrogeno-garraiagailu berritzaile bat izango dugu gutxienez, baita garraiagailuak hidrogenatzeko/deshidrogenatzeko erreaktoreen laborategi-eskalako bi prototipo ere, mota katalitikoak, mikrouhin bidezkoak edo elektrokimikoak.

ELKARTEK programak finantzatu du proiektua, eta, CIDETEC Energy Storage enpresaz gain, erakunde hauek hartzen dute parte bertan: TECNALIA (koordinatzailea), CIC ENERGIGUNE, UPV/EHU, TEKNIKER, Petronor Innovación eta sustapenerako eta ikerketarako Cluster de Energía elkartea (Basque Energy Cluster).

Zabaldu: