Ibilgailu baten osagaien mapa interaktibo bat, CIDETEC Energy Storageren laguntzarekin sortua, industria nazionalak sektorean duen gaitasuna erakusteko

07/02/2022

Automobilgintzako Hornitzaileen Espainiako Elkarteak (SERNAUTO) bi dimentsioko infografia interaktiboa sortu du, zeinean ibilgailu baten osagai nagusiak erakusten baitira. Funtsean helburu didaktikoa duen ekimen horretarako, CIDETEC Energy Storageren partaidetza izan dute.

 

Espainiak automobilgintzako hornitzaileen industria sendo, lehiakor eta berritzailea dauka, mundu osoan ibilgailuak fabrikatzeko nahiz ordezko piezak merkaturatzeko ekipamenduak eta osagaiak diseinatzen, garatzen eta hornitzen dituena.

 

Automobilgintzako hornitzaileek ematen dute ibilgailuaren balioaren % 75. «Osagaien mapa» birtual eta interaktiboaren bidez, oso modu bisualean erakusten da industria horren ekarpena, bai eta Espainian osagai eta sistema horiek garatzeko dituen gaitasun teknologikoak ere.

 

Gure herrialdean fabrikatutako eta/edo hornitutako sistema eta osagaien aukera zabala bistaratu nahi zaio gizarteari, eta ibilgailu baten garapenaren atzean dauden erakundeen ekosistema zabala erakutsi.

 

Lehenbiziko fasean, ibilgailuen osagai-familia handien mapa islatu dute, lau propultsio-bertsioetarako: barne-errekuntza, hibridoa, elektrikoa eta hidrogenoa. Infografiaren bidez, edozein ibilgailuren zatietan barna ibil daiteke, eta osatzen duten osagaiak lau kategoria handitan multzokatuta ezagutu: xasisa edo plataforma, karrozeria, bidaiari-lekua, eta ADAS segurtasun-sistemak (Advanced Driver Assistance Systems edo gidariari laguntzeko sistema aurreratuak). Gune horietako bakoitzean, pieza horiek egiten dituzten eta ekimen honetan lagundu duten automobilgintzako hornitzaileak agertuko dira.

 

Hornitzaileek Ikerketan, Garapenean eta Berrikuntzan (I+G+B) egiten duten inbertsio handiari esker (industriako batezbestekoaren hirukoitza), ibilgailuen osagaiak gero eta sofistikatuagoak dira teknologikoki, eta, hori dela medio, gero eta seguruagoak, efizienteagoak, konektatuagoak eta automatizatuagoak dira. Ildo horretan, Espainian baditugu automobilgintzaren sektorean espezializatutako erreferentziazko zentro teknologikoak ere, mundu zabaleko ibilgailu- eta osagai-fabrikatzaileekin lankidetzan aritzen direnak.

 

Infografia gaztelaniaz zein ingelesez dago eskuragarri, eta, beraz, baliabide bat gehiago izango da «Made in Spain osagaiak» marka nazioartean sustatzeko.

 

Ekimenak ICEX España Exportación e Inversiones erakundearen babesa izan du, eta hornitzaile eta teknologia-zentro garrantzitsuek jardun dute lankidetzan; esate baterako, Alvagar, Alter Technology, Bosch, Benteler, CIDETEC, Continental, CTAG, Gestamp, Grupo Antolin, Hella, Joarjo, Knauf Industries, Fagor Ederlan, Mahle, Mann+Hummel, Marelli, Mondragón, Saint Gobain, Schaeffler, Tecco Automotive, Tecnalia, Valeo, Varta, Vicomtech, Zanini eta ZF.

Zabaldu: