Arrakastatsua izan da gainazalen tratamenduei aplikatu beharreko REACH araudiari buruz AIASek eta CIDETECek antolatutako jardunaldia

25/06/2019

Ekainaren 5ean, Fabrikazio Prozesu eta Ekipamenduen Nazioarteko 2019ko Azoka (Azpikontratazioa 2019) egin zen Bilbao Exhibition Centre-n, eta, haren esparruan, “REACH araudiaren eragina gainazalen tratamenduetan: etorkizun iraunkorrago baterantz” jardunaldia egin zen; gainazalen tratamenduen alorreko berrogeita hamar lagun bertan izan ziren.

REACH (Regulation on registration, evaluation, authorization and restriction of chemicals) Europako Batasunaren erregelamendu bat da, eta helburu ditu hobeto babestea giza osasuna eta ingurumena produktu kimikoek sor ditzaketen arriskuen aurrean, eta, sustatzea EBko industria kimikoaren lehiakortasuna.

2008 eta 2011 bitartean, REACH erregelamenduko hautagaien zerrendan sartu ziren gainazalen tratamenduen industrian erabiltzen diren zenbait konposatu kimiko. Horren arrazoi nagusia izan zen produktu horien erabilera saihesteko alternatibak sustatzea; Cr (VI) konposatuei dagokienez, zehazki, baimena eskatu beharko da haiek erabiltzeko, data jakin batetik aurrera.

Produktu horien alternatiba sendorik ez dagoenez, erregelamendutik salbuesteko eskaera ugari aurkeztu zaizkio ECHAri (Produktu Kimikoen Europako Agentzia). Alabaina, onartutako salbuespenak ez dira asko konposatuen ekoizleentzat eta produktu erdilanduen hornitzaileentzat, eta normalean haiek eskatzen dituzte salbuespenak, beren produktuak tratamendugileei saltzeko. Hori dela eta, tratamendu horien erabiltzaileak dagoeneko hasi dira ulertzen ez dela gaur egungo aplikazio guztietarako alternatiba bat izango epe ertain eta luzera. Horregatik, arazoari bermeekin heltzeko modu bakarra dago: ordezkapen-arazoak konposatu-familien edo aplikazioen arabera aztertzea.

Jardunaldi horretan, gainazalen tratamenduak eskatzen dituzten enpresetan REACHek duen eragina aztertu zen, eta, bai ingurumen-ezaugarriengatik, bai azken produktuek duten kalitateagatik industrian aplikatzeko modukoak izateko aukera handiak dituzten zenbait tratamendu/estaldura alternatibo aurkeztu ziren.

Jardunaldia AIASeko Elvira Martínek aurkeztu zuen, eta CIDETECeko José Antonio Díez eta Gemma Vara doktoreek zuzendu zuten. Hizlari aditu hauek hartu zute parte, besteak beste: Jorge Rodríguez, Asier Salicio eta Rosalina Pérez ikerlariak (CIDETEC Surface Engineering-eko), Borja Fernández (Aveq-Kimica), Sergi Dominguez (HEMPEL), eta Antonio Montoliu (CHEMPLATE CHEMPLATE).

Zabaldu: